XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txikizio horretan, odolezko itsaso zabalean, irla baketsu bezala Iruñea altxatzen zen, basamortu batean oasis desiratua bezala.

Gotorleku bikaina, goarnizio ugari eta indartsua, buruzagi leialak, hiria beti egon zen talde bakar baten eskuetan, hau da, Madrileko gobernuaren menpean.

Beraz, gerraren ondorioak inon baino gutxiago sentitzen ziren Iruñean eta bizitzak aurrera egiten zuen, itxuraz behintzat ohiz bezala.

Hainbat familien baitan bestela gertatzen zen, zeren ehundaka bait ziren hiritik mendira joandako gazteak eta hauen artean ba ziren gerran hildakoak, preso hartu eta jarraian fusilatuak izan zirenak, eta zaurituak.

Alizeren urtegunerako bere gurasoek jai bat prestatu zuten beren jauregian eta gonbidatuen artean Paul zegoen.

Alize eta Paulen arteko harremanetan ez zegoen ezer berririk, udaberrian andre Ermisendak eta Alizek, Garraldako Markesen jauregira egindako bisita hartaz geroztik, ez zutelako gazte biak elkar ikusteko aukerarik izan, edo ez zutelako elkar ikusteko ahaleginik egin.

Dena den, hor bai nabarmentzen zela gerra, jai sozialen urritzean, eta horren arrazoia hainbat familiak beren semeak gerran zituztelako zen.

Egoera horretan ez zuten jaiak antolatzeko nahirik erakusten.

Paul ilusioz beterik prestatu zen Alizeren jaiara joateko.

Bere asmoak betetzeko aukera izango zuen, neskari hurbiltzeko, harekiko harremanak estuagoak egiteko eta sarriagotan elkar ikustea proposatuko zion.

Bero zen arratsalde hartan baina joateko ordua heldu zeneko zerbait hobeagotu zen (...).